Julia Hernández - Arartekoaren ondokoa
Egun on. Nire aurretik hitz egin dutenek iragarri dutenez, foro honetan bildu garen guztiok kezkatuta gaude gazteak emantzipatzeko eta bizi-proiektu auto-nomoak eraikitzeko aurkitzen ari diren eragozpenengatik. Duela hamarkada batzuetako emantzipazio-prozesu labur eta nahiko linealetatik –orduan goiz sartzen zen lan-merkatuan, langabezia tasak txikiak ziren eta lana sendo babesten zen–, pixkanaka emantzipazio-prozesu konplexuagoetara igarotzen ari garela ikusten dugu. Oraingo prozesuak duda-mudazkoak dira, norabiderik gabekoak, iragarrezinak, errazago alderantzikatu daitezkeenak, laneratzearekin ez hain lotuak.
Errealitate latz horrek ez die eragiten gizarteko subjektu aktiboei bakarrik, gizarte osoari baizik. Egileren batek adierazi duen bezala –Antonio Lópezek, kasu–, gazteen bizi-proiektuak ez dira bideragarriak, eta bideragarritasun ezak arriskuan jartzen du baita erakundeen legitimotasuna ere. Atxikimendurik ez izateko arriskuak lotura du, dudarik gabe, “erakundeen ikusezintasunarekin” eta politika publikoen bitartez laguntzarik ez ematearekin.
Gai horretan adituak direnentzat ez ezik, esango nuke edozein gizarte-eragilerentzat ere, errealitatearen edozein behatzailerentzat ere, herrialde bakoitzeko eta unean uneko testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoak bete-betean baldintzatzen dituela emantzipazio-prozesuak. Honatx faktorerik erabakigarrienak eta elkarri eragiten diotenak: familiak gizartean duen betekizuna, familiaren etxean geratzeak duen babes-eginkizuna (ekonomia oparoaldian, askatasunez aukeratzen zen hori eta orain ia “nahitaez” bete beharrekoa bihurtu da; eginkizun hori Estatuari legokioke, zalantza barik), testuinguru makroekonomikoa (eta nagusiki enpleguan duen eragina), ongizate Estatua garatzea eta etxebizitza sistema. Hanka sartzeko beldur handirik gabe adierazi behar dugu gazteen trantsizioa helburu duen edozein politika publikok diagnostiko oso bat hartu behar dutela abiapuntu. Diagnostiko horrek bere baitan hartu behar ditu egiturazko faktore horiek denak, eta, horren arabera, neurri egokiak proposatu behar dira.
Osoko diagnostikoaz mintzo gara, ez boladako esaldia delako edo puri-purian dagoelako bakarrik, baizik eta egiaz uste dugulako faktore bakoitzaren eta guztien ikuspegi zabal eta oso batetik begiratuta soilik proposatu ahal izango ditugula neurri horiek, eta, are garrantzitsuagoa, soilik horrela gauzatu ahal izango ditugula. Politika publikoak ezin ditugu tankan itxitako konpartimentuak bezala ikusi edo aztertu, ezpada multzo bezala; multzo horren batugaiak desberdinak izanik ere, azken emaitza osatzen dute. Gure helburua gazteen bizi-prozesu autonomoak erraztu eta bultzatzea baldin bada, etxebizitza arloan egiten dugun edozerk ezin du izan gazte-enpleguan egiten dugunetik bereizitako neurri bat, ezta ere, adibidez, hezkuntza arloarekin zerikusia duen edozerk.
Gai eta ikuspegi ugari aukeratu genitzakeen ikastaro honen edukitzat. Esan genezake ez direla dauden guztiak, baina badaudela diren guztiak.
Begi-bistakoa da guk ezin dugula den-dena jorratu daukagun denboran; horregatik, aukeratu egin behar izan dugu eta gure arreta faktore horietako batzuetara erakarri, eta, halabeharrez, faktore batzuk beste batzuekin lotuta agertuko dira. Enpleguak eta enpleguaren gaineko politika publikoek eginkizun esanguratsua dutenez gero, batez ere arlo horretan kokatu dugu jardunaldi honen lan-gaia, erakunde honek bereizgarri duen ikuspegi berezitik –hau da, eskubideen ikuspegitik– begiratuta. Dudarik gabe, ez da bolada ona lirikarako, ez giza-eskubideetarako oro har, ezta ere geroko belaunaldiei eragiten dien edozertarako, baina ez gaitu ezkortasunak harrapatu behar, lanean jarraitu behar dugu, gazteen alde apustu egiten jarraitu, haien eta gure etorkizunaren alde. Izan ere, erakunde publikoetan eta batik bat eskubideak defendatzeko sortuak diren erakundeetan, zuribideek ez dute lekurik, lanak, konponbideak bilatzeak eta itxaropenak bakarrik dute lekua.
Horregatik guztiagatik, zentzuz eta eraginkortasunez erabili nahi dugu daukagun denbora eta topaketa honetan atera ditzakegun ondorio eragingarri eta benetakoak. Horretarako, jardunaldi honetan, gazteek enplegurako sarbidean bizi duten egoeraren erradiografia bat egin nahi dugu, eta ohartarazi zer-nolako desoreka dagoen egoera horren eta Konstituzioak lana izateko eta lansari nahikoa jasotzeko xedatuta daukan eskubidearen artean. Helburu argi eta mugatu horrekin, lanak gizarteratzeko eta nork bere autonomia lortzeko elementu gisa duen betekizunera hurbilduko gara, euskal administrazioak gazte-enplegua sustatzeko abiarazitako ekimenak ezagutuko ditugu eta emantzipazio-prozesu horietan eraginik handiena duten politika publikoak hobetzen lagundu lezaketen elementuak bilatuko ditugu. Jakina, jardunaldi bakar batean, hori konprometitua eta asmo onekoa izanda ere, ezin dira akats guztiak zuzendu, baina espero dugu diagnostikoa egiten laguntzea eta balizko konponbideak bideratzeko bozgorailu berri bat izatea.
Helburu hori erdiesteko asmoz, hainbat pertsona ekarri ditugu hona. Nik ere eskertzen diet pertsona horiei laguntzeko prest egotea, eta ziur gaude eztabaidarako aztergai garrantzitsuak emango dizkigutela. Edonola ere, eztabaida horretarako beharrezkoa dugu foro honetan parte hartzen ari garenon esku-hartzea. Beraz, jardunaldi hau elkarrizketa-gunetzat sentitzera animatzen zaituztet, politika publikoak hobetzen laguntzeko aukeratzat.